Udazkeneko olerki tailerra


" Pena handiz, uste dut, zinez, bertan behera utzi behar dugula tailerra oraingoz, geldiarazi une honetan.  Badakit ilusio handiz prestatu dugula  hau, baina egongo dira egun gehiago eta aukera berri gehiago berriz ere biltzeko eta partekatzeko." Juankar

 Juankar Mugartzak idatzi digun hitz hauk irakurri ondoren,
Larunbateko olerki tailerra geldiaraztea erabaki dugu.
Baina ez dugu hetsitzen ,
etorkizunak emanen digun egurraldi hobeago baten zai egonen gara :
poesiaren bidez berrelkartzeko.

   Hatsa elkartea











UDAKO ERAKUSKETA






22 garren "Hatsaren Poesia" eguna  2020/07/19
Laburpen laburra )

Koronabirus bai edo koronabirus ez ? apirilean, Hatsaren Poesia eguna ospatu, edo uztailean ? bost axola, olerkiak intenporalak dira eta ez dute birusarik iresten!
22 garren Hatsaren Poesia egun honeri esker, beste behin batez, gu guziek gure inguramenari, betirako, lekukotasun bat utzi dugu, eta geroan, gu guziek ere, erranen dugu : ah bai ! orroitzen naiz, koronabirusaren urtean nere olerki bat publikatu nuela ! Hori aipatzean pentsatuko dugu ez zela urte hortan koronabirusa izan garantzitsuena guretzat baina bai idatzirik utzi ginuen olerkia .
Garai txarrak edo onak jasan , poesia ez da sekulan lokartzen , beti aurrera doa, eta, uste dugu denbora iragan arau gizaki guzien barnean aztarnak uzten dituela, bai hori dugu oraino , noski, 22garren olerki bilduma honen idazle guziek, gaur, frogatu.
Sakonetik eskerrak parte hartu duten guzieri, eta partikulazki, Ainara Maia gure erle erregin nagusiari, Maite Ramos, liburuaren azaleko "ur kristaila"ren pintatzaileari, Itziar Gomez Sarasola aurtengo sar hitz maitagarriaren egileari.
Goizean, liburua aurkeztua izan zen azpimarratuz 20 bat idazle berri lotu zirela aurreko guzieri. Erran behar da ere beste 150 idazleek parte hartu dutela liburuan, talde olerkiak idatziz (Irungo AEK gau eskola, "Arraiz" eta "Igertu" taldeak , Antigua-Luberri eta Lauaizeta Ikastolak, Piarres Larzabal kolegioa) 
Datoren urteko liburuaren sar-hitzaren idazlea ere aukeratua izan zen hor, eta, suerteak nahi izan du, hau, Irungo Gau eskolako ikasle bat izanen dela: "Mabel Garcia ". 
Gero, Antton Kazabonek eta Fito Rodriguez-ek suertedunentzat eskainitako liburuak zozketatuak izan ziren.
Aipamen berezienak igorriak izan ziren ere iazko Hatsaren olerki tailerren animatzaileeri: Agurtzane Andueza, Amaia Aranzeta, Itxaro Borda, Eztitxu Irisarri-Egia, Ainara Maia- Urroz , Eukene Lizeaga-Tamayo, Juan Kar Lopez-Mugartza, Sabin Oregi, Maddi Zubeldia eta Auxtin Zamora.
Arratsaldean, egiazko edo ez egiazko arteko momento berezi bat egituratua izan zen, lehenik, Sabin Oregik, gure partalier den Txomin Peillen, sentimendu haundiz, aipatu zuen, bere liburuen eta idazteko kemen lerdenaren berri emanez.
Azkenean, denen zoriongarri, espektakulo oso bat testoak irakurriz eta abesti berriak kantatuz aurkeztua izan zen. Milesker hor ziren guzieri, bai bereziki , parte hartu duten Artista eta Idazle-irakurleeri: Marisa Arruabarrena-Elizalde, Joseba Aurkerenena, Olatz Azpirotz, Matxalen Bezoz, Eric Dichary, Nicole Etxart, Lucien Etxezaharreta, Joseba Gotzon, Irungo ikasleak (Idoia Genua Alzuri)rekin, Antton Kazabon, Ainara Maia Urroz, Mixel Mendiboure, Fito Rodriguez, Sabin Oregi, Eric Traonmilin, Xabaltx, Gorka Zabala, Leire Zabala-Teilleria, Auxtin Zamora, Joxemari Zendoia.
Gora poesia ! hitz beti erreberrituekin, olerkarieri esker, gizakien arima eten gabe ber-sortzen duelako...bai gora poesia !

'Hatsa' elkartearentzat,
Auxtin Zamora



Liburua salgai :10 Eurotan
Galdera igorri  honera:
olerkibilduma@sfr.fr
(Igortzea postaz)

****************
YOUTUBE
https://www.youtube.com/watch?v=4J2EAbNnOq8&feature=share&fbclid=IwAR1aMXaprwlUpNIEUaBePP9CrJxLcAT_ldpAJWv7Ir8NqmMGPhyPab9M9TA

ARGAZKIAK

Talde argazkia (Milesker Beronika !)

Itziar Gomez Sarasola, sar hitza irakurtzen
 Sabin Oregi
 Gorka Zabaleta
 Marisa Arruabarrena -Elizalde
 Olatz Azpirotz
 Lucien Etxezaharreta
 Irungo Gau eskolakoak:Idoia Genua-Alzuri, Mabel Garcia, Marian Posada eta Elena Sarratea
 Antton Kazabon
 Ainara Maia-Urroz
 Joxemari Zendoia
 Xabaltx
 Mixel Mendiburu
 Nicole Etxart
 Leire Zabala-Telleria
 Joseba Gotzon
 Eric Dichary
 Joseba Aurkerenena
 Eric Traonmilin
 Fito Rodriguez
Leire Zabala-Telleria,  Itsaso Leatxe Bereciartu-rekin 
Matxalen Bezoz

 Auxtin Zamora
Larruskain Asier ,eta, Ekhi, bere semea



*************************************





HATSAREN POESIAREN EGUNA
LIBURUAREN AURKEZPENA


2020ko UZTAILAREN 19a, igandea, 
Senpereko Amotze auzoko Larraldean.


11:30 LIBURUAREN AURKEZPENA 
12:00 APERITIFA (Elkarrekin hitz egin, talde-argazkia, datorren urterako hitzaurrearen egilearen zozketa... )
13:30 BAZKARIA (azken urteetan ohikoa bilakatu den bezala, norberak berea ekarrita eta partekatu nahi izanez gero, partekatu)
16:00 IRAKURRALDIA (Bakoitzak liburuko bere olerkia irakurri edo kantatu)
17:00 KANTALDI POETIKOA (baiezkoa emateko zain...)
- XABALTX, pare bat kantu
- JOSEBA GOTZON
- MAIALEN ARISTEGI
- GORKA ZABALETA
- LEIRE ZABALA
- ... BESTE NORBAITEK BESTE ZERBAIT EGIN NAHI BADU, IDATZI HONA: hatsarenpoesia@gmail.com











"Koronabirusa-ri :  bi hitz !

( Hemen,  koronabirusaren gaiaz idatziak izan diren  gure kideen  
testoak, etorri arau, ezarri edo ezarriko ditugu . Nahi duenak oraino parte hartu dezake,aski da zuen testoa helbide honetara igortzea:  olerkibilduma@sfr.fr  
                                                              Hatsa elkartea

*********************
Olerkizale lagun guzioi,

Finki eta azkar  pentsatzen dut  egoera larri  hau gaindituko dugula.
Zalantzarik gabe, etorkizuna, azkenean, nahi ala ez, argituko zaigu, eta hilabeteroko tailerrak ahaztu gabe, 22 garren Hatsaren Poesia eguna, laster edo berant, ospatuko dugu.
Gure arteko  "Hatsa" elkartearen olerki mundua , mundu osoari lotua da. Ez dugu amore emanen, joanen gira,''koronabirus''  bai , edo, ''koronabirus'' ez , munduak egiten digun bide berean, amestuz, gure haur denborako  sorroetako lorez egin imortal  korona, oraino buruan  dugula , eta "birus" hitza ,'' bira'' hitzarekin ordezkatu dezakegula.  Bai..." bira "  abiapuntu guzietara ber-itzultzen gaituen zirkuloa baita... 

  Beraz, areta haundiz zaindu ditzagun gure  burua eta sormena, mundua  sendatuko da , eta, gu guziekin , hastapen sano-poetiko batean berriz  abiatuko. Senpere(2020/03/28) 

                                                          Auxtin Zamora


                                                                                           
  
                                                                                                                  
 *********************



                               Eustache Deschamps (XIV garren mendeko olerkaria)


Eustache Deschamps , 1347 eta 1352 artean, Europako 30%-40% ren biztanleria suntsitu zuen "peste beltza"  izuritearen lekuko izan zen .  

Itzulpena(Auxtin)
Sardinzarrak, ilar xehe, baratzekariak jasanez,
patzientzia harturik, oraiko garai hau soportatu dezagula !
Garizuma laburra da ! Madarikaturik egon bedi ! 
eta,  gizen jate egun zoriontsuak etorri daitezela... !  



    *********************


KORONABIRUSAREN HATSA GURE GARUNETAN SENTITZEN DELARIK

Azken egun hauetan gauza asko bizi izan ditugu. Gizakiaren jarrera onak eta txarrak. Gehienak, bai, gizalegekoak, gutxi batzuk berriz, guztiz zakarrak.

Uste nuen herri aurreratu batean bizi nintzela, kultura handikoa, harik eta jende jakintsua ipurdiko paper-biribilki batengatik ezjakinekin borrokan ikusi dudan arte.

Badago jende ona ere, jakina, besteengan pentsatzen duena, baina pikaroak legioa dira, haien buru erregea bera dutenak. Errege batek bere herriari 100 miloi dolar lapurtzeko gauza bada, nola eskatuko die bere menpekoei ustelak ez izateko. Lapurra. Berak ahalko balu hipermerkatu osoa eramango luke etxera. Beharrik, denek ez dute era berean jokatzen.

Aristotelek esan zuen bezala, gizakia naturaz giza-izakia da, alegia, izaki soziala, eta hauxe gaineratu zuen: baten batek gizartean bizitzen ez badaki ez da gizakia, bazik eta basapiztia... edo Jaungoikoa bera. Nik nire ingurura begiratzen dut eta ez dut jainkorik ikusten, bai, aldiz, basapiztiak, hamaika. Baten batek etxabe izkutu batean premia biziko produktuak metatzen baditu, urrea balitz bezala saltzeko eta negozioa egiteko, horrek ez du gizakia izena merezi.

Thomas Hobbes filosofoak gizakia naturaz gaiztoa zela esan zuen, honi Jean-Jacques Rousseau kontrajarri zitzaion gizakia ona zela esanez, gizarteak gaiztotu omen duela.

Gure Euskal Herri maite honetan bada jendea elkartasunez duen apurra ematen duena, beste batzuk, berriz, ipurdiko papera bera ukatzen digu. Zuk zer esango zenuke, Hobbesek edo Rousseauk zuela arrazoia?                                                                               
Sakana - Hatsa, 2020/03/16

JUANKAR LOPEZ-MUGARTZA
                                                                            
                                                                                

*********************


ZOMORROA
Etxean gordeta gaude
ikusezina den
zomorro bati ihes.
Kalean besarkatu ezinez,
elkar hurbiltzeko
eskubidea galdurik.
Negargarria da,
zurekin topatzen banaiz,
aurrera jo behar hori!
Etxean gaude, bai.
Baina ez, amore emanik,
tente eta erne gaude,
atxikiezina den
barne libertateari
askatasuna emanez.

                                                               2020/03/27

Eukene Lizeaga  
   


*********************

Koronabirusa
Otsailaren hogeita bederatzitik 
Martxoaren  zortzira,
hutsetik sortzen ziren ametsak
errealitate zorrotzean erori dira.
Nagusi ezustekoa etorri zaigu,
mikroskopikoa, koronabirusa du izena 
tinta  tatxa bezala hedatzen dena,
bere mantan eriak eta hilak gordetzen ditu 
itxurazko munduko ordena itzulipurdikatuz.
Izurriaren ondorio gaztigarri bat
bakartasuna larritzea izan da,
maite ditugunengana ez hurbiltzea, ez hunkitzea
niri zait kaltegarriena.

Maialen Etxegoin




*********************

ATZOKO ASKATASUNA, GAURKO AMETSA

Oinutsik nago, belarraren gainean,
eguzkiak nire aurpegia berotzen duen bitartean.
Zure irribarrearen soinuarekin dantzan,
esnatu egin naiz bat-batean.

Argia itzali da,
begietan ikara,
itotzen ari naiz,
egunak pasa ahala. 

Konortea galduta,
nire leihoan finkatuta,
hurbil bezain urrun,
sentitzen zaitut, mendia.

Garrasi egin nahi nuke,
baina ez zait ahotsik ateratzen.
ezin pentsa, ezin senti, 
loak harrapatzen nau beti.

Gauean librea naiz,
ez daukat mugarik
egunsentian preso,
nahi nuke alde egin.

Baina lanbroen artean,
aurkitu dut argia,
nire bakardadearen arima 
altxatu da erronkari.

Ilunabarreko txaloek esnatu naute,
elkartasunaren soinua zen.

Denok bat borrokan, 
arraunketa aldi berean,
amets bakarra buruan,
altxor bat bezala gordeta.

Elkar babesteko garaia heldu zaigu,
berriz ere, besarkatu, laztandu nahi badugu;
beraz, borondatezko giltzapea egitea da nire asmoa,
askatasuna ez lortuagatik horrela, 
ez dut sekula amore emango, ezta galduko ere itxaropena.

Noelia Arenas Alvarez




*********************


DISTOPIAREN ONDORENGO UTOPIA
Barearen ostean dator ekaitza, 
kantuak dioen modura, 
distopiaren ondoren dator utopia, 
hegoaldeko haizeak dioen bezala, 
dakidan arren oraindik ez dela udaberririk 
kukuak kantatu arte
dakidalako orainak irauten duela geroan ere,
atzerapenarekin baitator guztia gugana. 
Liburuak prest badaude ere, 
atzerapenarekin dator olerkarien bilkura; 
atzerapenarekin dator guztia
gu prest bagaude ere, 
baina hiriaren belagi grisean hausnarrean nago, 
egonean. 
Ene bihotzaren itxaropena urte batzuen atzerapenarekin dator, 
maitearen hausnarketaren zain. 
Distopiaren etsipen honen erdian
utopiaren itxaropen-errainu ahul bat sartzen da ene leihotik, 
beharbada hainbeste itxarondako hori
agertuko zaidala udan, 
aurten udaberririk ez badugu ere
oraindik ez baitut kukua kantuz entzun. 
Euskararen txantxangorria baletor sikiera
ene besarkatzera!

°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°


  Bizitza den bitartean
esperantza dago.
Ez dakit Jainkorik baden
zulo beltzez betetako 
orainaldi honetan
joankizun eta etorkizun dena
zer den ez dakigunean
itxaropena gelditzen zaigu
bihotzaren sakonean
isilpean maite dugun horren indar-izpiek 
irradiatuko dituzte zulo beltzak
desagertu arte
joana eta etorria bat egin arte
orainean.

°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°°
BIZIMINAREN KOLOREAK

Nola da posible oraina
iraganerantz hedatzea?
Heda edo zabal al daiteke iragana
orainerantz?
Eta etorkizunerantz?
Noiz zabaltzen dira denborazko segmentuak
eta noiz gelditzen dira dagokien tokian?
Fida al gaitezke denborazko zerbait
dagokion tokian gelditzeaz, espazio jakin batean,
han-hemenka mugitzeko gaitasuna aitortzen badiogu zerbaiti?
Honelako diskurriziotan eta dilemetan galdurik,
inguru hurbilari begira diezaiogun
denborazko erreferentziak sortzeko,
denborazko markagailuak ditugu eguneko 24 orduak
eta iratzargailua ere bai.
Baina zer gertatzen da erosketak egitera zoazela,
euripean, lurretik datorren lurrinak
haurtzarora joateko gonbita egiten dizudanean
eta bihotzean min edo zizta bat sentitzean?
Eta zer gertatzen da lanera bidean
automobila hartu eta errotulu batzuetan
“Calzados Uruguay” irakurtzean,
eta zure bizitzako bidaia berriro ere egiteko gonbita egiten dizunean,
benetako maitasuna ezagutu zenuen garaira?
Eta zer gertatzen da osteguneko poteoa egitera lagunekin atera eta
esku-orri bat eskuetara iristen zaizunean, ustekabean
ama izateko klinika pribatu baten iragarkiarekin
eta bizitza berri baterako gonbida egiten dizunean?
Nork esaten dit niri gaur goizekoa
oraina dela eta ez iragana,
edo alderantziz?
Noraino heltzen da oraina, eta noraino iragana?
Eta bihar noiz da?
Non dago denboraren muga espaziala?

Biziminaren taupadek erakusten dute
denboren arteko mugak non dauden,
bizitzeko gogo larriak edo ñimiñoak erakusten digu,
biziminaren koloreak alegia.  



  Ainara Maia Urroz




Garai honetan zer irakurri ?Lotura bat hemen  :

https://drive.google.com/file/d/1nr6JnqzXNez7Q9AGz5mb1gzOmIHDJmG2/view

*********************

ARANTZA KOROA
Egunsentiko lehen ordua zen. 
Eta, turuta hotsera jarri zen irmo xomorroen buruzagia bere troparen aurrean. 
Eta, ezpata airean dantzatzen zuela gudalburu txiki-nanoak, 
indarrez sartzeko kaleetan agindu zien, suhartasunez, 
beren onetik aterata gerrara joateko amorratzen zeuden soldadutxoei. 
Eta arma arinez hornituta, armetan altxatu ziren.
Gizadi arretagabea zuten etsai. 
Itsas, lur zein aireko xomorro-armada zaildu eta adoretsu batek 
amen batean hartu zituen, etxez-etxe, hiriko kale, karrika eta plazak.
Gau eta egun aritu ziren gerran gizonttoez betetako gizadi haren aurka, 
egunez egun borrokan, gudari nimiño, gudari txiki-txiki bezain barbaro haiek.
Gorputzez gorputz borrokan, buruz buruka, 
ezustean harrapatutako hiriko biztanle gizajo haien aurka.
Imintzioak eginez, keinuka eta espantuka, eta atzeraka eginez 
erretiratu ziren gudu-zelaitik, azpiratuta, garaituta, menderatuta... bentzututa,
beren buruez harro baino harroago zeuden 
gizadiko hiritar homunkulu-humanoide haiek.
. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
Gudu-zelaian barrena hedatu zen hautsa ke urdin bilakatu zen lehenik —ke laino urdin—,
ke beltz ondoren... Oinaze eta erresumin nonahi.
Eta ke ilun-beltza erabateko itzal bihurtu zen, azkenik, 
zerurik gabeko lurrean: itzalaren itzal.
. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
Ilundu zuenean, loredun koroez estaliak agertzen ziren hilerriko hilobiak:
girlandez nahiz usaingabeko krisantemoez gainezka.
Hileta koroez... arantza koroez gainez-gainezka.
  (2020-III-28) 

Imanol Irigoien  




*********************

Karta Covid 19ari

Gizaki bezain hauskor gara, Covid, 
zure aurpegi ilunaren aurrean; 
ibilgona erantzarazi diguzu,
pertsonak pertsonenengandik urrundu,
latitude beroenetan salbu.

Kutsatuak, sendatuak, zenduak.
Txina, New York, Madril,
Donostia, Iruña edo Lapurdi.
Lau gehi bi  ken bat berdin Covid 19.
Estatistikak entzuten eguna joan eta etorri.

Negatibo positibo bilakatu den honetan,
teleleatzen ari gara zure itzalaren ihesik.
Telelana, telelagunak , telebesarkadak.
Irudimena astindu diguzu ederki.
Telegoraintziak bada zuri hementxetik.


Nor bere etxean bakartuta gauden honetan,
aldarte ezagun bat iratzarri diguzu,
eguzki handi berri hori bezain borobila,
Kontzientzia ahantzi bat, aspaldiko laguna,
eremu gazi bezain aske eta  gozoa.

Geranioak hasiak dira urtero legez loratzen. 

Maite Toledo Saralegi





*********************

Izua eta eztena
Amets distopiko batean
birus batek erasotzen gintuen,
denok, ni neu eta nireak,
eta erasoari aurre egiteko
itxialdi zorrotz bat
bete behar genuen,
denok, nik neuk eta nireek.

Amets distopiko horretatik esnatu
eta bizitza horixe zen, hain zuzen:
birusaren erasoaldia
eta itxialdi zorrotza.
Gauza arraro bat amestu dut
eta esnatzerakoan egiazkoa zen.

Orduan birusa nire gogoan sartua antzeman dut.
Pentsamendu oro kutsatzen duen birusa.
Orduan itxialdia nire gorputzean sartua antzeman dut.
Mugimendu oro eragozten didan itxialdia.

Eta halako batean pentsatu dut
poetak bizitzari beldur diola,
baina filosofoak eztena sartzen dio.
Eta halako batean konturatu naiz:
birusak izutzen nau
baina itxialdia atsegin dut.
https://amuitz2.wordpress.com/2020/03/28/izua-eta-eztena/?fbclid=IwAR32NpaFiHBPaVgNcZFfG0G44kcZub5zGwJW1_g3FcUks83ekE0o20m13uQ

Jose Mari Zendoia Sainz


*********************




*********************


#Koronabiruslagunalaetsai 

Txinara eta edonora goaz bidaiari
intsektuak hegazkinetan bidaiatzen dute
munduko beste muturreko landareari
guztiei bidaiatzea egiten zaie merke.
Koronabirus,Txinatik zatozela diote,
bidaiari galanta egina zaude
Marco Polo modura
munduari egin nahi diozu bira.
Asko idatzi eta esan dute zutaz
zure jatorria basoko abereen haragi gordina jatetik datorrela diote,
besteek telefonia mugikorreko 5G teknologian erreparuan daude.
1918 gripe erraldoiaren kaltea gerora aztertuz zioten
adituek urtebete aurretik sortu irratiko teknologia zabaltzean uhinen ondorioa zela.
Birusak gure zeluletako ADN zein ARNek gaixotzean sortu hondakin dira.
                                      Gorputza hondakinez beteta.
                                      Ateratzea zaila.
                                      Gorputzaren estresak baretu behar dira,
                                      ekaitzarekin moduan, ondoren dator bakea.
Low Cost ekonomia
bidaiatzea erraza eta merkia
ez bakarrik pertsonak edo merkantziak
bidaiatzen dute ere kaltiak.

#etxeangeratzia
ez dakigu
ekarriko duen
sendatzia
ala
erotzia.

Sabin Oregi



 


*********************


MAMUA ETORTZEN BADA JAN EGINGO ZAITU!


Itzarri naizenean eguneroko asotsak ez ditudala aditzen konturatu naiz.
Zer gertatzen da? Edo zer ez da gertatzen?
Bizilagunak desagertu dira?, edo goiz da, eta oraindik ez dira jaiki?
Igandea ote da?Hainbeste zalantzak beldur pittin bat ematen dit.
Ohean nago, edredoi azpian, begiak ez ezik, gorputza ere estaltzen dut.
Zalantzak ez ditut argitu nahi, nire beldurrak egia bihurtu ez daitezen.
Isilik nago, mugitu gabe, leihotik goizeko argia sartzen da, txoriak kantari,
oilarrak kukurruku, zakurrak zaunka… Isiltasunean, soinuek musika dirudite.
Naturak sumatzen ote du gizartea gelditu egin dela? Agian bai.
Gu konturatu baino lehen, Naturak aldaketak nabaritzen ditu.
Azkenean, beldurrak ohe azpian utzi eta jaikitzea erabaki dut.
Oraintxe konturatu naiz! Atzo eman zuten berri txar hau: koronabirusa ari da hedatzen  ta etxetik ezin gara atera. Leihoa ireki dut kalean zer gertatzen den ikusteko, baina ez da ezer gertatzen, hori da ikaragarriena. Ez dabil inor, ez autorik, ezta gizakirik ere. Mundua jendez hustu dela esango nuke.
Nire senak ihes egiteko eskatzen dit, baina nora? Ezer egin baino lehenago, eseri eta lasaitu egin naiz, hausnartu behar dut.
Zer egin dezakedan pentsatzen hasi naiz, eta “Merkatari aberatsaren morroia”,
Atxagaren ipuina, burura etorri zait. Neuk ere, merkatarien morroiak bezala, ihes egin nahi dut; baina hari gertatu zitzaion bezala gertatuko zaidala pentsatzen dut: zain egongo da MAMUA.
Hortaz, egon egingo naiz; eta hil behar badut, hil egingo naiz “Titanic” itsasontziko musikarien gisa: musika jotzen.
Gauzak horrela, etxean geldituko naiz, kutsatzeko arriskua pasatu arte.   

                                                Elena Sarratea Andueza
  

                                      




*************************
BIRUSAK, KORONABIRUSAK...


Koronabirusak inbaditu gaitu,
ados,
baina ez gal esperantza!

Pentsatu al duzue,
izan ere,
zer izango litzatekeen
koronaiktusak inbaditu bagintu...?


Juanmari Irigoien 




*************************

GAU DEIAK


                                               



  Fito Rodriguez



 *************************


                                                            Orodabirusa

                                                    Gauza onak
                                                    bere onetik aterata daude
                                                    gauza gaitzak
                                                    bere gaitzetik aterata,
                                                    orodabirusa bakarrik dago
                                                    bere onean eta sasoian.

                                                    Gauza ona da urtebetetzea ospatzea
                                                    gauza gaitza minbizia jasatea
                                                    baina orain biak ere lekuz kanpo
                                                    orodabirusa baita oro,
                                                    orodabirusa.

                                                    Ondo bidean,
                                                    gauza onak bere onera itzuliko dira
                                                    eta gauza gaitzak bere gaitzera.
                                                    Urtebetetzeak ospatuko dira
                                                    eta minbizia ez da ahalketuko
                                                    orodabirusaren aitzinean.

                                                    Balkoiak loreentzat izanen dira.
                                                    Eta maskarak autoak margotzen dituztenentzat.
                                                    Izotz-pistak patinatzaileentzat.
                                                    Plazak jendearentzat.
                                                    Eztula neguko hotzeriarentzat.
                                                    Errepideak bizikletentzat.

                                                    Ebola ebola izanen da berriro.
                                                    Eta eboladuna bere lazzarettora itzuliko.
                                                    Ondoeza norberaren barrura.


                                                     Iñaki Bastarrika-Izagirre

            


 *************************************************


KONFINAMENDUTIK, "ATSOTITZAK" SORTZEN ZURI.(1)

M.A Zugarramurdi Taberna.
Irunen, 2020ko martxoan.

-Jaungoikoa agintari, koronabirusa ordezkari.

-Herria elkartuz gogotik, txalo-zaparradak leihotik.

- Hausnarketarik gabeko isolamendua, denboraldi galdua.

- Bihotzik gabeko ekintzak, burukomina dakar bizitzan.

- Ahaleginik gabe lortutakoa, iraupen gutxikoa.

- Zoritxarretik ikasten dena, zorionera doa dena.

- Zu eta ni, ni eta zu, ez dela bera jakin behar duzu.

- Euriaren azkeneko tantak ere, itsasoko bidea bide.

- Urgaineko olioa, nahastezinaren misterioa.

- Bide zelaia nekez irakasle.

- Bizipena, bizitutakoa kudeatzen dena.

- Distantziak besarkadak mugatzen, pentsamenduaren bideak sentiarazten.

- Zalantzarik ez daukanari, badaezpada galderak berari.

- Txakurraren begirada, letrarik gabeko hizkuntza da.

- Begiak itxita ikusterik ez, begiak itxita begiratzerik bai; arimarekin begiratu, begiekin ikusi.

- Kaleko txakurrak, laztana amets.

- Barruan ispilu iluna, kanpoan diztiraduna.

- Arbolaren gaineko aranak, kolore berdetik hasiak danak.

- Kanturik gabeko bizia, atseginaren zati txikia.

- Zapatila batek besteari, badaukan niri irabazterik?

- Bihotzarekin egindako kontuak, isilik gelditutakoak.

   


ZUGAN PENTSATUZ! KONFINAMENDUTIK "ATSOTITZAK" SORTZEN (2)
M.A. Zugarramurdi Taberna.
Irunen, 2020ko martxoa.

- Konfinamendutik zugan pentsatzen, lehen ez zitzaidan hau gertatzen.

- Zure buruarekin hitz egiten ez baduzu, borondatearen indarra sortzerik ez duzu.

- Nahimena edo borondatearen indarra ez da erosten, zeuk duzu sortzen.

- Ez da bera atuna eta txardina, nahiz biek edan itsasoko ur berdina.

- Itxaropenak esperantzari, bion altuera neurtzeko ez zagon neurririk!

- Loreak nahi eta belarra erein!

- Ezkil-dorreko ezkilaren hotsak, melodia aldatzen egoera bakoitzan.

- Geroaren etorkizuna, jakin gabe joango zaiguna.

- Eskertzen ez duena, ematen ez dakiena.

- Neure burua ezagutzetik zu ezagutzen, bestela ezinezkoa zen.

- Paper zuria zure sentimenduen zain!

- Bizitzako curriculuma, ez da unibertsitatean ikasi duzuna.

- Euskara herriari, arnasa biziari.

- Ama-hizkuntza, bularretako esnearen funtsa.

- Belarripresten ahalegina, ahobiziren atsegina.

- Euskararen azkeneko adaxkak ere, fruituak ematen.

- Norberaren hizkuntza ez erabiltzeko, ez jakitea hobe!

- Ezkontza-eraztuna batzuetan laso besteetan hestu dagoena.

- Ustezko laguna, gehienetan iluna.

- Idatzirik gabeko paperetatik ezer ezin ikasi, idatzitakoetatik ikasten hasi.

- Laguna, bere denboratik zati bat zuretzat hartzen duena.

- Zuretzat, kaleko hotza etxeko epela baino hobe.

- Egiaren erdia, gezur guztia.

- Ondu gabeko sagarraren tortika, kentzen arbola gainean utzita.




                                                     
                                                      M.A Zugarramurdi Taberna.




 ************************************************* 
NOIZ ARTE?

Gizarteak zulo honetan gauden guztiok
ahaztuta gaitu,
non egoera honetan estatistikak
estatuaren miseriak estaltzen dituen bitartean
nekropolitika1k egiten,
noiz arte?
Beraien poliziarekin eta ejerzitoarekin ere
gure kaleak errepresioz eta autoritarismoz bete
etxeraino zelatatu
gizartea suaren bidez otzandu.
Baina presoen egoeraz,
ez badira senideak edo lagunak,
nor kezkatzen da orain?
Asko etxetik atera ezinagatik kezkatzen;
beste batzuk, ordea, sendagilearekiko edo erizainarekiko elkartasunak adierazten,
baina presondegietan gauden egoeraz,
nor kexatzen?
Baita estatistika ere gutaz ahaztu egin da,
gizarte bihozgabe hipokrita horrek
giltza-potoa ere bota zigun
zaborra bagina bezala
alfonbraren azpian ezkutarazteko,
noiz arte?
Ez bakarrik askatasuna kentzearekin asetzen
orain gure komunikazioa kentzearekin
gure senideen eta lagunen laztanik,
muxurik eta besarkadarik gabe utzi gaituzte.
Horrela etxekoekin geneuzkan leihoak itxi dizkigute.
Horren ondorioz, konbentzituak eta itsuak ere daude,
baina ez mutuak ezta gorrak ere ez gara geratu,
noiz arte?

Francisco Jose Ramada Estevez (Murciako presondegitik)

 Jule Goikoetxearen ahotik entzun zuen terminoa: gobernuak hilak jartzen ditu mahaiaren gainean izua jendartean zabaltzeko eta bestelako neurriak hartu ahal izateko (Naomi Klein-en shock doktrinagogora ekarriz).










                                    ************************************************* 




                            Itxialdia

                              - Barekurkuiluen antzera,
                                barrura begira,
                                barruan biziz,
                                barruan pentsatuz,
                                barruan sortuz.

                              - Kanpoan udaberria, bedatsea,
                                kimu berriak zuhaitzetan,
                                lili ederrak zelaietan,
                                hodeirik gabeko zeru argiak,
                                tarteka euria
                                soro bakartiak bustiz,
                                tarteka eguzkia
                                karrika bakartiak berotuz.

                             - Izurria nagusi ludian,
                               beldurra atxikirik bihotzetan,
                               hildakoen kopurua beti gora,
                               ospitaleak gainezka,
                               hiltegiak herioz mukuru,
                               esperantza ahulduz doa.

                             - Euskal Herri gaixoa!
                               izurriak bortizki jo du,
                               arrotzek dute muga itxi,
                               euskaldunak etxeetan gordeta,
                               barekurkuiluen antzera,
                               barrura begira,
                               askatasuna amestuz,
                               bizi-nahia kantatuz,
                               eta esperantzari leiho bat
                               zabaldu nahian.

                            - Bizi, biziko da gure Herria!
                              Eta gainera 
                              egoera lazgarri honetatik
                              sendo, indartsu eta irabazle
                              aterako da.
                              Eta gu kontatzaile.                         


                         Joseba Aurkenerena

                             Urruñan, 2020ko apirilaren 7an. 


                                                                                                       
                                                  

                                                            *******************





   Ainara Maiaren gomita 

Egun on HATSAkide maite

Koronabirusari buruz denoi eta nahi duzuenoi testiganza poetiko bat eskatu nahi nizueke, eta bihar arratsaldeko 16:00etan bilduko ginateke online edo linean: 
xorino is inviting you to a meeting.
Join the meeting:
https://meet.jit.si/MartxokoHatsarenPoesiaTailerra2020Koronabirusa 

Testuak ere offline edo lineaz kanpo bidali ahal izango dituzue. 
testu oro  olerkarieneguna10 blogean ezarriko genituzke! 


izan zaitezte ongi etorriak eta laster arte!  (27/03/2020)

    Elkarretaratzearen bilduma
MARX ANAIEN KAMAROTEAN BEZALA
Hatsako 6 ahizpa bildu gara sarean, sartu eta atera, atzetik zarata, birusa edo otsoa guri zelatan egongo balitz bezala. Sei bildu gara: Marisa Arruabarrena inor baino lehen, gero ni neu, Ainara Maia, gero Noelia Arena, ondoren Idoia Genua, Eukene Lizeaga eta Leire Zabala.
Hona online-bideo saioa
 (28/03/2020)



Ainararekin internetez  bildu direnen lekukotasuna, aurkituko duzue hemen:
https://wetransfer.com/downloads/ee55fb3c03d4a51ac2105ab7b939288020200328184743/515681b09d7be7c0620812b30bf2cd8e20200328184743/1e8564


                                    ************************************************* 

Aurtengo Maiatza garaiko une hain larri eta  eder honetan,
Euskal Herriko ama lurretan ibiltzeko,  ''libertate''aren murrizketak, sortu dizkidan amoros penak, aipatu gabe  ezin naiz ixilik egon  !
Libertatea..!. oi... Libertate kuttuna  ! Zoin  urrun  zauden ? 
                                                                                           AZ                                                                                                    







                                       ************************************************* 



"Koronabirusa"ri utzi den  olerki tailerra
(15 garrena)


xxxxxxxx

14 garren Hatsaren olerki tailerra


Parte hartzaleak

**************************
Bis sextus dies ante calendas martii
(Sabin Oregiren kronika)

Azkainen biltzekoan ginen, baina eguraldi txarraren aurrean betiko Larraldean. Heldu nintzenerako Auxtin eta Erik bertan ziren. Eskua luzatzen hasi, eta birusa dela eta “ministroaren” gomendioa jarraiki ez genuen eskuak elkarri eman. “Nahikoa da sentimenduekin” adierazi zidaten bertan jada zeudenak. Lasai ezartzen hastear nengoenean Maialen sartu zen; eta muxu ematen hasi zenean gogoratu nion beste biak erran berri zidatena; bere erantzuna “horrelakoekin gaude… beno, beno” eta guztiak hitzez agurtu gintuen. Azkenik, Ainara heldu zen. Berak bidali zidan mezuak bere ondoren sartu ziren nire gailuan. Erromatar garaiko komunikazio sistema etorri zen ene burura: arerioa mezulariaren aurretik heltzea!
Azken bilkuratik gertatu direnak gogoratu ziren; astean Maiatz taldeko bilkura izan dela eta, “Txomin ere bildu zen” —zioen Ainarak—, “eta ondo ikusi genuen”, berretsi zuen Peillen airoso eta bizitzeko gogoz ikustean. Ondoren etxera oinez sartu nahi zuen, egiten zuen denbora txarra zela eta “Juankarrek eraman zuen etxera”.
Gaurko eguna urte bisurteko eguna da. Bisurtea euskaraz, bisiesto gaztelaniaz edo (année) bissextile frantsesez. Astronomian jakitun bilakatu ginenean, erromatarren garaian otsailaren 23 eta 24 bitartean eguna ipintzen zuten lau urtez behin Julius Caessar agintariaren garaian. Gerora Gregorio XIII aita santuak, 1585 urtearen inguruan, otsailaren 28aren ondoren egun hori ipintzean deliberatu zuen. Gaur arte! Gure urteak, berez, 365 egun eta bost ordu eta 48 minutu irauten du, ia sei ordu. Horregatik lau urteetan ia 24 ordu metatu dira, egun hori laugarren urteari gehitzen diogu. Horregatik urte bisurtea urte berezia da: olinpiadak egiten dira, eta beste zenbait gauza, tartean gaixotasun berezien eguna. Gainera, Arantzazuko egutegian ez dute egun hau erakusten. Otsailaren 29 eguna agertzen ez den eguna, existitzen ez den eguna. Ez badu existitzen, Ainarak zioen moduan “ez gara bildu, ez du existitzen gure bilerak eta gertatu den oro ez da gertatu”… 
Isildu ginen. Isilunean, eulia ez zen entzuten, noizean behin Auxtinek piztu zuen suaren txinpartak baino. Isilean idatzi, Erik, Maialen, Ainara, eta Sabin jardun ziren une lasai hartan bakoitzaren olerkiak gauzatzen; bitartean Auxtin etxetik “etxeko lana” eginik, prestatu zuen askaria: txokolate-esnea, bizkotxa (“chinois”) eta txokolatezko donuts-ak. Don-uts-ak ikusterakoan Jurgi Oteizarekin gogoratu ginen, espazioaren hutsaz.
Egun arraro eta berezi horretan, hutsera zuloa duten goxoek ere filosofia libre uztea ekarri zuen. Amaitzeko bakoitzak berak sortu olerkiak irakurri ondoren, Ainarari eta Sabini enkargua, edo etxerako lana ipini zigun Auxtinek: “bakoitzak zuen aldetik laburpen olerkia egin, eta ondoren bion artean berri bat guztia biltzen duena”. Erronka hor dugu, gai izango al gara ondo egiteko?
Sabin Oregi

...........................................



''Hatsa'' elkartearen 2020 urteko 
olerki-tailerak

-Dohainik
-Tokia:Senpereko Amotz-Larraldea etxean, edo, Euskal Herriko edozoin herrietan
-Noiz :Hilabetetako azken larunbata arratsaldetan .
-Animatzailea : aldiro , ''Hatsaren Poesia'' liburuan parte hartzale desberdin norbait
-Helburu bakarra  : tailer bakotxetan, talde-olerki baten moldatzea...., hau, gero , Hatsaren Poesia liburuan ezarria izateko gisan .
-Tailerak, 15 bat parte hartzale baino gutiagorekin osatuak .(Beraz aurretik izenak ematea eskatua da (olerkibilduma@sfr.fr) 
Jadanik , tailer horien animatzeko , zonbait idazle interesatuak dira . Beharrezkoa zaigu, orai, aintzinetik, tokien eta egunen finkatzea.
Hona hemen zoin diren 2020 urteko azken larunbatetako datoak :


Urtarrila 25  Auxtin Zamora  hitz ordua 15 ordutan    Senpere-Larraldean
Otsaila 29a Bizkarzun -Auxtinekin hitz ordua 15 h Azkaineko plazan
Martxoa28a   .Koronabirusari utzi den tailerra............................................
Apirila 25a…..................................
Maiatza 30a Carmen Valois eta Sabin Oregi
Ekaina 27a Ainara Maia-Urroz…............ …............................?
Uztaila 25a
Abuztua 29a ….................. …............ …..........................?
Iraila 26a 
Urria 31a  Juankar Lopez-Mugartza .......  Iruñean.. 
Azaroa 28a …...................... 
Abendoa 27a ….................. …............ ….........................

Duda muda guzien bazterretik, aukeratu dezakezun larunbata, tenorea, bai, tokia,  izenekin,
bloge honetan ….etorri arau, ezarriko ditugu .

*************************************************************************



Gabriel Korta Rekarte-ren joaitea
Gabriel, 1999 geroztik, urtero, Hatsakide bezala ezagutu dugu. Idazteaz axola haundia zuen eta poesiari beti ezin gaindiztuko balio bat ematen zion . Igorri zigun lehen olerkia hau izan zen :

                  Azkenik itsasoaren zabalera
                  Kontinente itsuak
                  Uharte multzoak
                  Itxaropen izengabeak
                  Itsaso bazterrak
                  Faro bustiak
                  Eguzki zuriak
                  Izengabetasuna...!
                  Azkenik isildu
                  Joan
                  Begiak urdindu
                  Ezerezera itzuli
                  Lur izan.

Infinituki agurtzen zaitugu: Gabriel !
                            Auxtin
PS Geroxago omenaldi bat eginen dizugu



Iñaki Bastarrikaren abisua


kaixo adiskideok:


Beharbada jakingo duzue Gabriel Korta olerkaria hil dela


Bihar 11etan (asteazkena) intzineratuko dute, Zentolen-en (Errenteria).


Hori izango da despedida. Ez zaio hiletarik egingo.


Ondo izan zaitezte
iñaki b.
Berrian agertu aipamenak
https://www.berria.eus/…/gabriel-korta-idazlea-hil-da-69-ur…

Argian agertu aipamena (Iñaki Bastarrika-Izagirre.)
Gabriel Korta Rekarte , 2018 urteko Hatsaren Poesia egunean

***********************************

Argi"hitz"kiak  Erakusketa

Irunen

Hatsa elkarteko 120 idazleen olerki testotxo ,
Auxtin Zamora-ren 120 argazki artistikoeri lotuak.
Lekukotasun poetiko - kolektibo bat, estekatua inguramenari eta lur gainean agertzen den oraikotasunari.
Urtarrilarren 8 tik 19ra,
Laboral Kutxa erakustokian
Egun guziz 15h - 20h
                
                                     

Olerkari laguna,

Irunen,  Urtarrilaren, 19 arte, iragaiten hari den  Hatsaren  'Argi"hitz"kiak erakusketak,
harrera  ezin hobea dauka . Ekintza  hau ospatu nahi ginuke, Hatsaren Poesia liburuan
parte hartzen duten guzioi, aperitifa bat eskainiz.
Etorri, nahi baduzu , Larunbata- Urtarrilaren 18an , 12 etan, Irun Herriaren erakuts tokira
(Kutxa Laboral 13 Colon  Ibilbidea), zure ikustea (h)atsegin haundi bat lekiguke !
             Auxtin-Ainara


 Sentsazioen erakusketa amaitu da, momentuz …
Ixteko tenorea gainean da. Larunbatez, urtarrilaren 18an lagun ugari bildu ginen Auxtin Zamoraren “Argi-hitz-kiak” erakusketaren amaiera emateko. Igandean amaitzen bada ere. Auxtinek egin 120 argazkien irudiak beste 120 poeten olerkiekin biltzeko abilezia ederra izan du Zamora jaunak.
Lagun multzo handia bildu bertan. Erakusketaren egile Auxtinek azaldu zuen erakusketaren zergatia. Zergatik argazki irudiak lotu poesiekin? Horretarako beste galderaren erantzuna behar dugu: zergatik agertzen dira arte lanak lurrean zabalduak? Dena lurretik sortzen da: bizitza, … eta sentimenduak ere. Olerkia sentimenduen isla da; argazkiak ere sentimendu hori jaso lezake. Erakusketa honetan maisuki ikusten da sentimenduen mundua ez dela soilik hitzarekin azaltzen, irudiak ere horretarako baliagarria dela. Mendiko txangoan modura naturaren edertasuna ikasteko maisuaren ondoan biltzen gara, txangoa eman genuen gelan iruditik irudira, senpereko sortzaileren azalpenak biziki eta gogoz entzuten.
Ondoren aperitifa baino bazkaria egin genuen. Bata bestearekin kalaka. Hizketa ugari sortu ziren. Bitartean WhatsApp mezuak ere sartu eta atera ibili ziren. Egun hizketa idatziz ere egiten da. Elikagaien artean Auxtinen eskuen lan finetik atera den sagarno berria dastatzen. Uzta berria. Berria, bikoaren balioz. Upeletik atera berria batetik, eta sortzaile neka ezin honek, lehen aldizkoz, egin duena, bestetik. Botila bakarra zegoen, poliki-poliki dastatuz edan genuen. Zaporea?, antzinako sagarno goxoa, bizitza eta gorputza duena. Adimenean gaztetu egin ginen.
Mila esker sentsazio biltzaile izateagatik.
Non izango da hurrengoa erakusketa? Horrelako lan gehiago ikusteko zain gaude. Teknika ezberdinez poesia (irudi edo idatzi bitartez) bildu, lehenik; eta ondoren, lan eder hau erakusteko. Sagarnoa tartean bada are hobe! Non izango da hurrengoa?


Loturak
Antxeta iratia
https://archive.org/details/hatsarenpoesiaerakusketairunenelk200108

https://www.diariovasco.com/bidasoa/irun/argihitzkiak-erakusketarekin-olerkia-20200108001613-ntvo.html


https://fr-fr.facebook.com/Maiatzaldizkaria/videos/592827058165611/


https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/gipuzkoa/bidasoa-txingudi/2020/01/09/daukagun-euskal-ondare-poetikoari-jarraipena/1008463.html


Argazkiak

 Irungo AEK ko erakasle talde bat
  Irungo AEK ko erakasle beste  talde bat

    Erakusketa-gela


















Gure urteroko blogeak

                   http://olerkarien-eguna1.blogspot.fr/
                    http://olerkarieneguna2.blogspot.fr/
                    http://olerkarieneguna3.blogspot.fr/
                    http://olerkarieneguna4.blogspot.fr/
                    http://olerkarieneguna5.blogspot.fr/
                    http://olerkarieneguna6.blogspot.fr/
                    http://olerkarieneguna7.blogspot.fr/
                    https://olerkarieneguna8.blogspot.com/
                    https://olerkarieneguna9.blogspot.com/
                    https://olerkarieneguna10.blogspot.com/



















































































































Udazkeneko olerki tailerra " Pena handiz, uste dut, zinez, bertan behera utzi behar dugula tailerra oraingoz, geldiarazi une honeta...