Olerki Tailerra 13 garrena Auxtinekin




Olerkari laguna,

1‌3. garren Hatsaren Olerki tailerra 
menditxo baten pean iraganen denez gero,

gomendatzen dizuet, Urtarrilaren 25ean, 
oinetako egoki batzuekin etortzea, bai eta tenoreko ere,:
15 orduak ttanko Senpereko Larraldean ( ezin gintezke goaitian egon )

Olhain deitzen den Sarako mendixka baten pera joanen gira.
Leku hori sekretuan atxikia da eta nunbait
Tartaro jeinuaren baratze bat bezala kontsideratzen dugu.
Beraz, tailerraren gaia litaike Tartarok (edo basa jaun-andereek) sortu lezazken 
imaginario idurimenak olerkitan sartzea 
 Agur!  eta zalantzarik gabe etorri !
 Auxtin  


Sabin Oregiren kronika


Arratsaldea Tartaloren etxean
Tenorea heldu da! Sei lagun gaude! Auxtin, Graxi, Maialen, Eneko, Ainara eta Sabin bildu gara Larraldearen aurrean, Tartaloren deia entzun eta kasu egin ondoren.
“Begiak itxi”, erregutu digu Tartalok isilean bakoitzari. Horrela egin dugu. Haize indartsu bat sumatu dugu. Beroa eta hotza, biak batera sumatu ditugu. Instant laburreko txistu hotsa ere entzun dugu. “Orain begiak ireki!”, eskatu digu Tartaloren ahotsak. Paradisuan gaude. Non gaude? Tartaloren etxearen aurrean gaude. Non? Leku sekretuan! Lekua gordeta dago, bere sekretua gordea eta isilean mantentzeko laguntza eskatu digu. Horrela egingo dugu! Bera ziur egoteko horretaz, begiak itxita ekarri digu; antzina sorginak erratzaren gainean lekuz aldatzen ziren. Guri, ordea, haize indartsu batek ekarri gaitu hona. Nora? Lekua sekretuan dago. Eta, ez dakigu!
Leku honetan askaria egiteko baimena eman digu bertako jaun Tartalok. Mahaia hiru alde-duna dela dirudi, baina sei aldekoa da: hiru alde handi eta hiru txiki. Eserlekua, ordea, biribila. Mahaiaren banketa da: harri bakarrekoa, mahaiaren modukoa. Mahaiak bere erdian zulo biribil-biribila erakusten du. Biribirjin handi batekin egina ematen du. Gutako bi pertsonaren besoak sartuko ziren bertan. Ez gara saiatu. Gaizki egin nahi dutenak bertan lotuak geratzeko? Leku honetako harri erraldoiak ikusiz batetik; bestetik, leku horretara garabiak etortzea ezina deritzogu. Beraz, Mairu eta Lamia guztien laguntza izan du Tartalok, gure begi bakar jaunak; hori pentsatu dugu.
Askaria hasterakoan Tartaloren abisua: “Kontuz gero, ez luzatu! Neguan gaude, eta haizea gauean ez da egunean bezain erraz gidatzen”. Askari garaian kalakan egon gara. Gauza askotaz mintzatu ere. Sumatu dugu zuhaitzen artean Basajaun eta Basandere gure zain daudela. Ez ditugu ikusi. Hor daude. Benetan!
Denbora aurrera doa, dena jaso. Ezer ez dugula mendian uzten behin eta berriro behatu dugu. Ondoren, bildu gara haizeak hona etortzean utzi gaituen puntuan. “Isilik eta lasai”, hitzak entzun ditugu bakoitzak belarritan. Haize indartsu bat sortu da; berriro hotza eta beroa igarri ditugu, biak aldi berean. Txistu laburra ere entzun dugu berriro. Larraldea baserriaren aurrean utzi gaitu haizeak. Egun magikoa eta liluragarria amaitu da!
Sabin Oregi

Argazkiak



Udazkeneko olerki tailerra " Pena handiz, uste dut, zinez, bertan behera utzi behar dugula tailerra oraingoz, geldiarazi une honeta...